23
05
2008

Hainbat barnetegi antolatu ditu AEK-k Iparraldean: Urepelen hamabi eguneko bi barnetegi burutuko dira, uztailaren 7tik 18ra lehenengoa eta abuztuaren 4tik 15era bigarrena, eta maila guztietako ikasleek eman ahal izango dute izena, baita hutsetik hasi nahi dutenek ere. Ez da beharrezkoa, beraz, Hegoaldeko barnetegietan gertatzen den gisan, gutxieneko ezagutzarik izatea. Bestalde, bost eguneko xiberera ikastaroa egingo da Zuberoan abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Bertako euskalkiaren ezaugarriak ikasteaz gain, herrialde honetako kultura, historia eta ohituren zertzelada batzuk ere ezagutu ahal izango dituzten ikasleek. Iparraldeko ohiko eskaintzaz gain aurten beste bi ikastaro berri antolatu ditu AEK-k: ur-kirolak ikasteko ikastaroa, eta dantza ikastaroa, abuztuaren 11tik 15era.
Barnetegi bat baino gehiago eginez gero, beherapenak egongo dira, baita langabeentzat ere Iparraldean. Halaber, ikastaro batzuek diru-laguntzak jasotzen dituzte. Informazio gehiago, hurbileneko euskaltegian edo 902 36 22 94 telefonora deituta.
23
05
2008
Barnetegi mota honen helburua gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz gauzatu dadin laguntzea da, ohituraren poderioz askotan zaila suertatzen delako horrela komunikatzea. Gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten bitartean, umeak begirale eta hezitzaileen zaintzapean egoten dira, eta guztien “eginbeharrak” bukatutakoan elkartzen da familia, eguneko gorabeherak elkarri kontatu eta euskaraz aritzeko ohitura sendotzeko. Familia barnetegietan gurasoek 1B mailaren hasiera izan behar dute eginda eta eurekin joango diren 4 eta 12 urte bitarteko umeek D ereduan egon behar dute matrikulatuta. Adunan, Foruan eta Berrizen antolatu dira familientzako barnetegiak, uztailaren 7tik 20ra eta abuztuaren 4tik 17ra bitartean.
23
05
2008
AEK-k dagoeneko zabalik du matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, aukera ezberdinak eskaintzen dituelarik euskaltegi eta barnetegietan. Ikastaroak uztailean, abuztuan edota irailean izango dira herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan.
AEK-k zabalik izango ditu Euskal Herri osoan 100 bat euskaltegi, herritik oso urruti alde egiterik ez eta egunean bost orduko ikastaro trinkoa egin nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean zehar ikasitakoa finkatzeko, euskararen hastapenak ezagutzeko edo 3. maila zein EGArako azterketa prestatzeko parada izango dute edozein mailatan matrikulatutako ikasleek, etxetik oso hurbil. Baina uda opor garaia dela aprobetxatuz atseden egun horiek euskara ikasteko erabili nahi dituztenek ere ez dute aukerarik faltako.